Home » 2011/2012, Datorren eskola

Poetaren lekua

18 October 2011 No Comment

Larunbatean eman genion hasiera Bilbon Literatura Eskolaren ikasturte berriari. Bertan Karmelo Landak Gabriel Arestiren Zuzenbide Debekatua aztertu zuen, ‘Harriaren zikloa’ko poema liburuetako poetikaren hastapena islatzen duen lana.

La Bolsa aretoan elkartu ginen oraingoan Literatura Eskolari hasiera emateko Karmelo Landak ‘Zuzenbide debekatua’ poesia lana aztertu zuen, Arestiren ibilbidean eta 1959 eta 1961 urteen testuinguruan zehatz kokatuta. ‘Zuzenbide debekatua’ ez da Arestiren lanik ezagunena ez aztertuena ere, besteak beste bere egunean ez zelako argitaratu. Arestik Lizardi Sarira aurkeztu zuen testua, baina Orixeri eman zioten eta sekulako haserrea hartu zuen. Garai hartan Joxe Azurmendiri idatzitako gutunetan ikus daitekeenez Arestik susmo txarra hartua zion sariketako epaimahaiari, zentsura ideologikoa egin zezaketela aurreikusten zuelako.  ‘Zuzenbide debekatua’k ez zuen argia ikusi Landak berak gidatutako lan taldeak Susaren eskutik 1986an Gabriel Arestiren lan guztien bilduma kaleratu zuen arte. ‘Zuzenbide debekatua’ren bi bertsio berreskuratu ahal izan zituzten: lehena, Arestik sariketara aurkeztu zuena, Joxe Azurmendiren etxean zegoen; bigarren bertsio osoagoa eta luzatuagoa Andoni Kaieroren esku geratua zen, sariketaren ostean bosgarren atal bat gehituta. Bigarren hau izan zen, hain zuzen ere, 1986ko bilduman ‘Lehen poemak’ alean plazaratu zena.

Landak defendatu zuenez ‘Zuzenbide debekatua’ lanean topa daiteke gerora ‘Harriaren zikloa’n gakoa izango den poetikaren genesia ‘Aresti ‘Maldan behera’ eta ‘Bizkaitarrak’ sailetik dator une horretan, bilatzen eta pentsatzen ari da zer idatzi. Beragan ohikoa zenez proiektu ugari zituen hasiak une horretan. Orduan errealitatearekin egin zuen topo’. Landaren iritziz poetika berri baten estreinua izan zen ‘Zuzenbide debekatua’, asko konprometitu zelako. Hasierako lanen eta ostekoen arteko pausua ulertzeko gakoa da ‘Zuzenbide debekatua’ beraz ‘batetik ‘Maldan behera’ Joane eta Mirenen istorioaren amaiera bazen, ‘Zuzenbide debekatua’rekin hasiera idaztea izan zuen asmoa. Formalki ‘Maldan behera’ko antzeko egitura dauka, eta ‘Bizkaitarrak’en bertsolaritzaren bidetik hasi zuen bideak hemen ere badu islarik’.

‘Zuzenbide debekatua’ren hasierako eskaintzatan jadanik jauzia suma liteke, errealitatean momentuan bertan gertatutakoak jasotzeari dagokionez. Anjela Figuera Aymerichi idazleari egindako eskaintzarekin batera dago honakoa: ‘Gabriel Moral Zabalari/ eta harekin egon ziren guztiari’. Gabriel Moral lagun mina zuen Arestik, 1959an beste lagun batzuekin batera atxilotu zuten Bilboko Aste Nagusian ‘ikurrinak hedatu eta petardoak jartzeagatik’, ondoren inkomunikatu, basatiki torturatu  eta gerra kontseilu militarra egin zioten. Landaren ustez ‘eskaintza horrekin Aresti bete betean sartzen da Euskal Herriko egoeran. 1959an gertatu zen, ETA sortu berria zen baina oraindik ez zegoen ekintza armaturik ez ezer’.

Ez da errealitatearekiko konpromisoaren adibide bakarra. Hirugarren ataleko pasarte batean bere lagun ‘bizikleteroa’ri gertatutakoa azaltzen du Arestik. Lagun hori Javier Batarrita zen, txirrindulari talde bat sortu eta zuzendu izandakoa. Landak berak berriki kokatu du Arestik deskribatzen duen kasu hori 1961eko udaberriko gertakarietan ‘kontrol batean guardia zibilak eta Espainiako poliziak nahastu eta hiru lagun tirokatu zituzten, ETAko kideak zirelakoan. Haien artean zen bizikleteroak, autoaren gidariak, bederatzi tiro jaso zituen buruan eta berrogei gorputzean’. Hura gertatu eta berehala Arestik bere poeman jaso zuen ‘oso adierazgarria da kasu hau Arestiren berehalako erreakzioa ikusteko. Gero eta argiago dago zergatik ez zioten lana saritu, ez argitaratu’.

Sariketaren kontua pasa ostean egindako bertsio osoagoari bosgarren atal bat gehitu zion Arestik, zeinean aipatzen diren garaiko nazioarteko gatazka eta borroketako izen ugari. Haien artean aipagai izan zuen Kubako iraultza, oraindik Che Guevara bizirik zelarik, eta baita Kongo eta Patrice Lumumbaren hilketa ere gertatu berritan’. Errealitatea berehala jasotzeko grina berria zen bere obran, Landaren ustez ‘orduan hasi zen asmatzen gero ‘Harriaren zikloa’ izango zena’.

Poetika berria maila teorikoan ulertzeko garai hartan Donostian Arestik emandako hitzaldia aipatu zuen Karmelo Landak ‘hitzaldi hartan azaldutakoaren arabera ikus daiteke helburu printzipal bat ematen diola Arestik poesiari: poesiak herrian eragin egin behar du, poetak badu beraz funtzio sozial bat, ‘mandatua’ esaten du zehazki. Horren arabera jokabide bat ala bestea har daiteke eta berak, oro har eta euskal gizartean, bi eratako poetak ezberdindu zituen: poeta ‘laureatus’, eta poeta ‘outsider’’. Arestiren poetika berrian beraz poesia eta errealitatearen arteko elkar-eragina dago, poesiak errealitatea bizi du, eta errealitatean eragiteko eta ondorioz errealitatea aldatzeko xedea du.

Landak agertutakoen ostean luze jo zuen eskolakideen arteko solasaldiak, Arestiren lanak islatzen dituen baloreak eta egiteko eta adierazteko moduak egun ere barrenak pizten dituen seinale.

Leave your response!

Add your comment below, or trackback from your own site. You can also subscribe to these comments via RSS.

Be nice. Keep it clean. Stay on topic. No spam.

You can use these tags:
<a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <s> <strike> <strong>

This is a Gravatar-enabled weblog. To get your own globally-recognized-avatar, please register at Gravatar.