Literatura Eskola Yolanda Arrietarekin
“Barne irudiaren bilakaera, ahozkotik album ilustratura”. Izenburu hori du larunbat honetako eskolak eta Yolanda Arrieta izango da gidari lanak egingo dituen idazlea. Duela gutxi hain juxtu, “ABCD berri bat” izeneko album ilustratua aurkeztu du Yolanda Arrietak. Lan honi esker, Peru Abarka saria jaso zuen eta, egilearen beraren esanetan, “ozenki nahiz isilean irakurtzeko” liburua da. Generotzat dauka album ilustratua eta hori izango du hizpide nagusi Yolanda Arrietak, Tolosako Bonberenean eskainiko duen eskolan.
Jendaurrean maiz aritu den arren, Literatura Eskolakoa ez ohiko saioa izango da Yolanda Arrietarentzat: “ni asko ibili naiz bitartekariekin, maisu-maistra, guraso eta horrelakoekin. Horiekin oso ondo moldatzen naiz, eta umeekin ere bai. Baina Literatura Eskolan ez dakit zein izango den hartzailea; igual kideak dira eta kideekin batzuetan beldur gehiago ematen dit”. Kezkak kezka, gogotsu aurkitu dugu. Album ilustratua generotzat dauka eta hori defendatuko du larunbateko hitzorduan, Tolosako Bonberenean.
“Ez da bigarren mailako literatura”
Antzerki munduan ibilitakoa, Yolanda Arrietak bide luzea egin du haur eta gazte literaturan. Hala ere, ez du gustuko bereizketa hori eta hori izango da Literatura Eskolan agertuko duen premisa nagusietako bat. Hitzen Uberan aitortu digunez, “gaur egun oso berezituta dago haur zein gazte literatura eta beste guztia. Nik ez dut horrela ikusten. Komertzialki nola dagoen antolatuta beste gauza bat da, baina nik ez dut horrela ikusten”.
Haur zein gazte literatura edota album ilustratua “literatura ere badirela aldarrikatu nahi dut”, azaldu digu Yolanda Arrietak, “ez direla bigarren mailakoak”. Jardunbide moduan behintzat, helduen pareko literatura direla dio.
Tailer itxurako eskola izango da
Larunbat honetarako prestatu duen eskolak asko izango du praktikatik. “ABCD berri bat” liburuaren egilearen esanetan, “horrelakoetan praktika eta teoria lantzen ditut. Lehenik praktika ematen dut eta gero teoriara joaten gara. Zorioneko powerpoint-a egingo dut baina maletakada liburu ere eramango dut”.
Irudiekin osatutako liburuak erakutsiko ditu Yolanda Arrietak Bonberenean eskainiko duen eskolan. “Rotuladoreak eta papera eramango ditut, zirriborroak egiteko eta geuk ere probatzeko pixka bat ere. Tailer itxura hartuko du”, aitortu digu Usurbilen bizi den idazle bizkaitarrak.
Tolosako Bonberenean
Urriaren 15ean hasi zen Literatura Eskolaren ikasturte berria. Gabriel Arestiren “Zuzenbide Debekatua” hizpide izan zuten Bilboko La Bolsa aretoan. Karmelo Landak gidatu zuen ikasturteko lehen eskola.
Yolanda Arrieta izango da Literatura Eskolan arituko den bigarren solaskidea. Larunbat honetan, azaroak 12, Tolosako Bonberenean emango du eskola eta Yolanda Arrietak hauxe izango du mintzagai nagusi: “Barne irudiaren bilakaera, ahozkotik album ilustratura”. 10:00etatik 14:00era.
Leave your response!